ITURRIA:
BERRIA
"Bederatzi urte generamatzan titulu
honen zain"
Bartzelonak Atletico Madrilen aurka 0-1 galdu ondoren,
jardunaldi baten faltan Athleticek bosgarrenez irabazi du ligako titulua.
"Meritu
ikaragarria dauka multzo honek". Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileak
lasaitu ederra hartu zuen atzo, Bartzelonak etxean Atletico Madrilen 0-1 galdu
eta Athleticek liga irabazi zuenean. "Oso harro nago multzo hau
entrenatzeko aukera izan dudalako. Oso profesionalak dira. Ez dut sinesten".
Jokalariek Lezaman bertan ikusi zuten kataluniarren eta madrildarren arteko
partida, elkarrekin, eta Bartzelonako partida amaitzearekin batera lehertu zen
festa. Zuri-gorriek 2002-2003 denboraldian irabazi zuten lehenengoz liga,
2003-2004an eta 2004-2005ean ere bai gero, eta 2006-2007koa zen azken
garaikurra. "Bederatzi urte generamatzan titulu honen zain, eta
ikaragarria da", goratu zuen atzo Iraia Iturregi Athleticeko kapitainak.
"Negar asko egin dugu
urteotan galdu ditugun tituluengatik, eta gozatzea tokatzen da orain".
Ainhoa Tirapu Athleticeko atezainak laburpen zehatza egin zuen prentsaurrekoan.
"Multzoaren garaipena izan da", zehaztu zuen Agirrek.
"Denboraldi hasierako hitzalditxoan esan nien kalitatearekin partida bat
irabaz daitekeela, baina multzoak irabazten dituela ligak. Eta hala izan da.
Asko sufritu dugu, gogotik borroka egin behar izan dugu, eta jokalariak dira
protagonistak".
Bazkide talde batek dagoeneko
eskaera egin du Gabarra ateratzeko, eta 15.000 sinadura bildu dituzte. Klubera
bidaliko dituzte sinadura horiek guztiak, baina oraindik ez dute zehaztu
ospakizunak noiz, non eta nola egingo dituzten. Ondo bidean, jokalariei bihar
edo etzi egingo diete harrera Bilboko Udalean eta Bizkaiko Foru Aldundian.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina